Atzealdea

GIPUZKOAKO BIZIKLETA BIDEEN LURRALDEAREN ARLOKO PLANA ONARTU DUTE BATZAR NAGUSIEK AHO BATEZ

Bizikleta bideen sarea osatzeko plana zehaztuta geratu da, honenbestez. Bizikleta Bideen Oinarrizko Sarea jaso eta definitzen da bertan.

Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Plana (GBBLAP) onartu dute Batzar Nagusiek aho batez. Alderdi guztiek eman dute foru arauaren aldeko botoa, eta honenbestez zazpi urteko ibilbidearen ondoren zehaztuta eta programatuta geratu da Gipuzkoako bidegorrien sarea.

Jendartearen mugikortasun ohiturak aldatzen hasi ziren duela urte batzuk jada, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hasieratik adierazi du motorrik gabeko mugikortasunaren aldeko jarrera. Ildo horretan, bizikleta bideak planifikatzeko eta eraikitzeko, eta bizikleta garraio bide gisa sustatzeko programak garatzen ari da urteotan. Eta ingurumari horretan, bizikleta bideak osatzeko plana bukatzeko ahalegina egin du azken bi urteotan. Diputatuen Kontseiluak otsailean eman zion oniritzia planari. Batzar Nagusietan plana aurkeztu, jendaurrean jarri eta zuzenketak jaso eta aztertu ondoren, gaur behin betiko plana jasotzen duen foru araua onartu da.

Lurraldearen Arloko Planak (LAP), ondoko helburuak ditu:

  • Foru bizikleta bideen sareari dagokionez, helburu nagusiak zehaztea.
  • Bizikleta bide horiek izan beharko dituzten ezaugarriak zehaztea.
  • Aldi jakin batez, Planean adierazitako helburuak lortzearren, egin beharreko jarduera programak zehaztea.

Bizikleta Bideen Oinarrizko Sarea jasotzen du planak, sare hori definitzen du. Oinarrizko sare horretan bi zati bereizi daitezke: Oinarrizko Foru Sarea eta Oinarrizko Udal Sarea. Foru Sarearen kasuan arauak izaera loteslea du, eta Udal Sarearen kasuan gomendiozkoa.


Proiektuan bederatzi ibilbide agertzen dira bi laurtekotan banatuta, eta ibilbide horietako batzuren zatiak aurreragoko berrikuspen baterako uzten dira. Ibilbideak ondokoak dira:

  1. ibilbidea: Donostia-Irun
  2. ibilbidea: Donostia-Mutriku
  3. ibilbidea: Donostia-Beasain
  4. ibilbidea: Debarroa
  5. ibilbidea: Urola bailara
  6. ibilbidea: Bergara-Beasain
  7. ibilbidea: Bidaso bailara
  8. ibilbidea: Leitzaran bailara
  9. ibilbidea: Ego bailara

*Ibilbide horien banaketa zehatza nola geratzen den ikus daiteke ondoko koadroan.

Guztira 439,1 kilometroko sarea osatzen du, foru sarea eta udal sarea batuta. Horietatik foru sareari dagozkionak 288 kilometro dira, 102,4 kilometro daude eginda, eta 186,4 planifikatuta daude, beti ere foru sareari dagozkionak. Eginda dagoena, guztira, 176 kilometro inguru dira, udal sarea eta foru sarea batuta. Beraz Lurralde Arloko Planean jasotzen denaren %38 jada eginda dago.
LAPak bi laurtekotan banatzen du programazioa, eta laurteko bakoitzerako inbertsioa ere zehazten du. 1. laurtekorako inbertsioa 60 milioikoa da eta 2. laurtekoa 57,4 milioikoa. Guztira, 117,4 milioiko inbertsioa aurreikusten da. Inbertsio garrantzitsuak direla esan du, bidegorriak egiteak kostua duela, kilometro bakoitzeko 600.000 euroko kostua izaten baitu gutxienez, baina dakarren onura soziala ere garrantzitsua dela.



comments powered by Disqus