Atzealdea

Guztiok Mugituz saria bizikletaren erabilera emakumeen artean sustatzeko ‘Gaur nire txanda da’ ekimenari eman zaio

Guztiok Mugituz saria bizikletaren erabilera emakumeen artean sustatzeko ‘Gaur nire txanda da’ ekimenari eman dio Marisol Garmendiak lehengo ostegunean.

Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa foru departamentuak, Marisol Garmendia sozialista buru duenak, Bizikume eta Kalapie elkarteek bultzatutako programari eman dio saria. Programak Gipuzkoako emakumeen artean bizikletaren erabilera sustatzea du helburu, Gipuzkoako lurraldean mugikortasun jasangarria, osasungarria eta inklusiboa bultzatzeko helburu estrategikoaren barruan.

‘Guztiok Mugituz’ bigarren edizio honetan, mugikortasun jasangarria eta emakumeen artean bizikletaren erabilera sustatzea xedetzat dituen ‘Gaur nire txanda da’ ekimenari eman zitzaion saria. Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatu Marisol Garmendia sozialistak eman du Aldundiaren sari hau, 2018an zehar egin diren halako jarduerak aintzatetsi nahian eta asmotzat hartuta emakume txirrindulariei ikusgarritasuna ematea eta ahalduntzea, eta beren eguneroko bizitzan bizikleta gehiago erabiltzera bultzatzea. Proiektu berritzailea eta aitzindaria da hau Euskadin, Bizikume eta Kalapie txirrindularien elkarteek bultzatua.

Marisol Garmendia Mugikortasuneko diputatuak azpimarratu bezala, “Gipuzkoan, zorionez, mugikortasun berdinzalearen, iraunkorraren eta inklusiboaren alde, egunero, modu altruistan, boluntarioan eta solidarioan lan egiten duten erakunde eta proiektu asko daude. ‘Gaur nire txanda’ ekimenaren bitartez, emakumeen artean bizikleta egunero erabiltzea, bistaratzea, baloratzea sustatzeko Bizikume eta Kalapie elkarteak burutzen ari diren lanak gipuzkoar guztion aitorpen hau merezi du”.

Irun, Tolosa, Andoain, Errenteria eta Oiartzun bezalako Gipuzkoa osoko hainbat herritan egin den programa honetan ehunka emakumek hartu dute parte. Herri horietan, besteak beste, bizikleta-irteerak, hitzaldiak eta tailerrak antolatu dira, garraiobide iraunkor eta osasungarri gisa, eguneroko bizitzan bizikleta gero eta emakume gehiagok erabil dezaten lortzeko asmoz. Horrek garrantzia handiagoa hartzen du berdintasun-testuinguru batean eta emakume txirrindulariak agerian jartzeko, Gipuzkoan eta bertako bidegorrietan oraindik asko ikusten ez den kolektiboa delako. Horregatik, Mugikortasuneko Departamentuak lanean dihardu, Guztiok Mugituz ekimenean saritutako Kalapie eta Bizikume bezalako elkarteekin eta kolektiboekin batera, bizikletaren eguneroko erabiltzaile gisa eta kirolerako eta aisiarako erabiltzaile gisa, esparru guztietan gero eta emakume txirrindulari gehiago egon daitezken.

Izan ere, probintziako bidegorri-sarean bizikletan ibiltzen diren herritarrak ikusita, generoari dagokionez, oraindik desoreka handia dagoela nabarmendu daiteke. Erabiltzaile guztietatik % 84 gizonezkoak diren bitartean, emakumezkoak % 16 dira. Garmendia diputatuak adierazten duen bezala, “alde hori murrizteko helburu argia dugu, alde horrek inolako zentzurik ez duelako. Horretarako, ‘Gaur nire txanda’ bezalako mota honetako ekimenak funtsezkoak dira tarte horrekin amaitzeko”.

Guztiok Mugituz sariaren banaketa-ekitaldia abenduaren 13an egin zen Gipuzkoako Foru Aldundiko Tronu aretoan. Bertan ere parte hartu zuen Inés Novella Madrilgo Universidad Politecnica-ko irakasle eta AMAEko (Espainiako emakume arkitektoen elkartea) kideak, mugikortasunari eta hirigintzari buruzko genero-ikuspegiaren inguruan hitz egiteko.

Aurtengoa Guztiok Mugituz sariaren bigarren edizioa da. Aurrenekoan Errenteriako Gurutze Gorriaren Herri Batzarra saritu zuen, “Mugikortasun seguru eta osasungarrirako ohiturak” izeneko ekimenagatik. Ekimen horren bidez, adinekoek beren joan-etorriak egiteko trizikloen erabilera normalizatua sustatzen zen.



comments powered by Disqus