Atzealdea

HERNANIKO KARABEL-PORTU BIDEGORRIA IREKI DU GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIAK

Azpiegitura honen bidez, Urnieta-Donostia ibilbidea ia osorik bidegorrien bidez lotuta geratu da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Karabel-Portu bidegorria ireki berri du Hernanin. Karabel-Portu bizikleta eta oinezkoentzako bidegorria Donostia-Beasain ibilbideko zatia da, eta Hernaniko Karabel auzotik abiatzen da, hain zuzen Urumearen Uholdeen aurkako Planaren baitan egin den biribilgunetik, eta Portu auzoko Hernani-Urnieta bidegorriaren hasieran amaitzen da. Bidegorri zati hau bukatuta, Astigarraga eta Hernani artean azken loturak gauzatutakoan, Urnietatik-Donostiaraino bizikletaz joateko aukera izango dute erabiltzaileek, eta beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat oso garrantzitsua izan da bidegorri hau bukatzea.

Bidegorria 422,29 metro luze da, eta 5 metro zabal. Bi metroko zabalera txirrindularientzat da eta beste bi metro oinezkoentzat. Beste metroa argiteria eta zuhaitzak jartzeko erabili da.

Portu auzoan, etxeen eta errekaren arteko tartea txikia denez, bide zati hori bateragarria da ibilgailu motordun, oinezko eta bizikletentzat. Zati hori behar bezala bereizteko, oraingo galtzada 10 zentimetro igo da. Zona horretara iristeko, abiadura murrizteko elementuak nahiz seinaleztapen egokia jarri dira, bi sarreretan; bizikleta bidean ere bai.

  • Bidegorriaren bestelako ezaugarriei dagokienez, honako hauek azpimarra daitezke:

* Led motako argiak ditu, 30 metroko tartearekin.
* Erorketak ekiditeko, egurrezko eskudela du errekastoaren ibilgutik gertu dauden guneetan
* Haltzak eta astigarrak erein dira ibilbidean.

Bidegorrri hau egiteko 265.000 euro inbertitu dira eta azpimarratzekoa da Hernaniko Udalarekin hitzarmena sinatu zuela Aldundiak, lan hauek aprobetxatuz beste batzuk ere egiteko. Hala, hitzarmenaren ondorioz, Karabel eta Portu auzoen arteko edateko uraren sarea berritu da, eta obraren zati hori Udalak finantzatu du. Ondorioz, Hernaniko Udalak 47.600 euro inbertitu ditu eta gainerakoa Diputazioak ordaindu du.

Iturria: Mugikortasuna eta Bide Azpiegiturak



comments powered by Disqus