Atzealdea

Aldundiak 150.000 euro bideratu ditu, 9 herritan bidegorriak egin eta hobetzeko

Bigarren urtez jarraian izango du kopuru bera, iaz bikoiztu zenetik. Gero eta udalerri gehiagok jaso dituzte laguntzak, eta, oraingoan, 9k jasoko dituzte, iaz 7k jaso zituzten eta aurrekoan, 3k. Honako udalerri hauek jasoko dituzte: Legazpi, Lazkao, Ezkio, Mutiloa, Itsaso, Eskoriatza, Arama, Ataun eta Zerain.

 

Marisol Garmendiak zuzentzen duen Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru-departamentuak bigarren urtez jarraian bideratuko ditu 150.000 euro tokiko bidegorri berriak sortzera eta 10.000 biztanletik beherako udalerrietarako bizikletaren erabilera sustatzera. Zehazki, Gipuzkoako bederatzi udalen proiektu eta jarduketak diruz laguntzea onetsi da, bidegorri kopuruak eta txirrindulari eta oinezkoentzako bide kopuruak Gipuzkoako lurraldean handitzen jarraitzeko: Legazpi, Lazkao, Ezkio, Mutiloa, Itsaso, Eskoriatza, Arama, Ataun eta Zerain.

Udalentzako laguntzak Bizikletaren Estrategiaren Kudeaketa Planean sartzen dira; 2017an berreskuratu ziren, 75.000 eurorekin, eta iaz zenbatekoa bikoiztu egin zen eta aurten ere berdin egin da, 150.000 eurorekin. Bere helburua da Gipuzkoako udalerrietan txirrindulari eta oinezkoentzako udal-tarte berriak sor daitezen sustatzea eta, horrela, gipuzkoarren ohiko joan-etorrietan bizikletaren aukera eraginkorrago egitea.

Marisol Garmendia Mugikortasuneko foru-diputatu sozialistak honako hau gogorarazi du: “bizikleta gero eta ohikoagoa da gure lurraldean, eta udalerriek lehentasunezko eginkizuna dute hura eguneroko bizitzarako garraiobide jasangarri, eraginkor eta osasungarri gisa sustatzen. Dagoeneko ez da bakarrik asteburuetarako baliabidea; bizikleta-bideen foru-sareari eta udalerrietako erdialdeetan eraikitzen ari diren bidegorriei esker, eguneroko joan-etorrietarako baliabide gisa ere finkatzen ari da”.

10.000 biztanletik beherako Gipuzkoako udalerriek izan dute laguntza horiek eskuratzeko aukera, eta toki-sareko bidegorriak eraikitzeko eta hobetzeko obrak gauzatzea finantzatuko da. Tokiko bidegorrietako jarduketa horiek 2019. urte honetan gauzatu behar dira.

Guztira, bederatzi udalerrik jasoko dute laguntza hori: Legazpik 22.608 euro jasoko ditu; Lazkaok, 61.671 euro eta Ezkiok 9.562 euro, udalerri horietan bidegorri berriak egiteko; Mutiloak 32.204,98 jasoko ditu, Barnaola baserritik Liernira doan burdinbide berdea konpontzeko; Itsasok, 15.763 euro, bertako bidegorriak asfaltatzeko; Eskoriatzak, 26.405 euro, udalerrian bidegorriaren tarte batzuen argiztapena hobetzeko; Aramak 2.634 euro jasoko ditu, Eskoriatzan egingo den gauza bera egiteko; Ataunek, 1.542 euro, Sarako bideko bidegorrian konponketa-lanak egiteko, eta, azkenik, Zerainek 7.609 euro jasoko ditu, bidegorriaren zati berri bat eraikitzeko.

Gaur egun, Gipuzkoako bidegorrien udal-sareak 221 kilometro, eta horiei txirrindulari eta oinezkoen foru-sarearen 124 kilometroak gehitu behar zaizkio. Horrela, Gipuzkoa Estatuan bizikleta erabiltzeko bide-azpiegituretan kopuru gehien duen lurraldeetako bat da.



comments powered by Disqus