Atzealdea

Parte-hartze handia Foru Aldundiak Donostian emakumeentzat antolatutako bizikleta-ikastaroan

 

Saria jaso berri duen “Gaur nire txanda da” ekimenaren baitan egingo da larunbatean, Donostiako Intxaurrondo auzoan, Kalapie eta Bizikume elkarteen eskutik

 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuak, jarduneko diputatu Marisol Garmendia buru duenak, Kalapie eta Bizikume elkarteekin batera, larunbat honetan, ekainaren 15ean, egingo du Donostian bizikletarekin trebatzeko emakumeentzako ikastaroa, mugikortasun iraunkorra sustatzeko eta emakumeak bizikleta erabiltzera bultzatzeko “Gaur nire txanda da” ekimenaren baitan. Jarduera horren helburua da emakume txirrindulariak bistaratzea eta ahalduntzea, eta emakumeek eguneroko bizitzan bizikleta gehiago erabil dezaten sustatzea.

Ikastaroa Intxaurrondo auzoan egingo da 9:30etik 14:30era, eta hainbat ikaskuntza-ekintza egingo dira, parte-hartzaileak seguruago sentitu daitezen hiriko nahiz bide berdeetako eta mendiko joan-etorrietan. Orain arte hogei bat emakume daude izena emanda, eta ikastaroa osatuta dagoen arren, aurrerago beste talde bat osatzeko itxaron-zerrenda bat dago. Ikastaroa doan izango da, baina 20 euroko fidantza jarri da (ikastaroaren egunean itzuliko da) lekua gordetzeko. Izena emateko, honako helbidera idatzi behar da: GaurNireTxanda@gmail.com

Jarduneko diputatuak, Marisol Garmendiak, adierazi duenez, “Gipuzkoa osoan antolatu ditugun eta orain Donostiara iritsi diren era horretako ekimenekin emakumeei tresna egokiak ematen jarraitu nahi izan dugu, mugikortasun iraunkorra eta osasungarria eguneroko aukera izan dezaten, eta, aldi berean, Gipuzkoako herritarrak eguneroko bizitzan garraiobide iraunkor eta osasungarri moduan bizikleta erabiltzearen garrantziaz kontzientziatzen jarraitu nahi dugu. Horrek aparteko garrantzia du berdintasunaren eta emakume txirrindulariak bistaratzearen testuinguruan; izan ere, emakume txirrindularien kolektiboa oso txikia da oraindik Gipuzkoan eta bertako bidegorrietan, eta hori dela eta, Kalapie eta Bizikume bezalako elkarte eta kolektiboekin elkarlanean jardun behar dugu gero eta emakume txirrindulari gehiagok erabil dezaten, arlo guztietan, bizikleta eguneroko joan-etorrietarako nahiz kirolerako eta aisiarako”.

 

 

Gipuzkoako bidegorri-sarea erabiltzen duten txirrindularien generoaren araberako banaketan desoreka nabarmena hautematen da: % 84 gizonezkoak dira eta % 16 emakumezkoak. Alde horretatik, jarduneko diputatuaren, Marisol Garmendiaren, esanetan, “zentzugabea den desoreka hori murrizteko erabaki irmoa dugu. Emakumeok mugikortasun iraunkorrari eta osasungarriari lotu behar gatzaizkio, eta gizonek bezala erabili behar dugu bizikleta, batez ere kontuan hartuta garraio publikoa gehien erabiltzen dugunak eta, alde horretatik, gehien kontzientziatuta gaudenak garela. Gainditu egin behar da % 16 hori, eta gaur aurkeztu duguna bezalako ekimenak, hitzaldien, tailerren, bizikleta-irteeren eta abarren bidez, lagungarriak izan daitezke mugikortasunaren arloan beste ohitura batzuk sustatzeko eta emakumeak Gipuzkoan bizikleta gehiago erabiltzera bultzatzeko”.

Ekimen hau saritu egin zuten “Guztiok Mugituz” sariaren bigarren edizioan, Gipuzkoako emakumeen artean bizikletaren erabilera sustatzeagatik, mugikortasun iraunkorra, osasuntsua eta inklusiboa bultzatzeko helburu estrategikoaren baitan. “Gaur nire txanda da” ekimena BikeFriendly Sarietan saritu zuen Bizikletaren aldeko Hirien Espainiako Sareak, “Hezkuntza eta Sustapena” kategorian, hezkuntzaren, estimuluaren, komunikazioaren edota informazioaren eremuetan herritar guztiei zuzendutako eta bizikleta egunero erabiltzea eragozten duten oztopo eta aurreiritzi guztiei aurre egiteko ekintzak gauzatzeagatik.

 


       



comments powered by Disqus