Atzealdea

Iraeta eta Narrondo arteko Zestoako bidegorriak osatu egingo du Urolako Bide Berdea

Bi tunel egokitzeak eta 4 kilometroko bidegorri-zati bat eraikitzeak ‒Urolako trenaren plataforma zaharrak jarraitzen ziona Arroa Beheko geltokitik‒ osatu egingo dute Urolako Bide Berdea; eskualde osoan berebiziko garrantzia duen azpiegitura mugikortasun jasangarri eta osasungarri baterako.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiak azkeneko bide-zatiei ekingo die Urolako Bide Berdea osatzeko, eta behin bukatutakoan lotu egingo ditu Zumaiako eta Zumarragako udalerriak; 36 kilometro izango dira guztira. Horretarako, Iraeta auzoaren eta Narrondo auzoaren artean pasatzen den tartean jarduteari ekingo zaio. Marisol Garmendia diputatu sozialistak zuzentzen duen Mugikortasuneko Foru Departamentuaren asmoa da Urolako tren zaharraren plataforma bidegorri gisa erabiltzen jarraitzea, Zumarragatik hasita Bide Berde osoan zehar egiten den bezala. Bide-zati hori eraiki eta egokitutakoan osatuta geratuko da Urolako Bide Berdea. Beraz, bide-zati erabakigarri batez ari gara Urola bailarako mugikortasun jasangarri eta osasungarrirako, behin betiko lotuko baititu txirrindularien eta oinezkoen bide baten bidez Zumarragako eta Zumaiako udalerriak, Urola bailarako herri guztiak ere konektatuz.

Iraeta-Narrondo bide-zati honen gainean jardutea ‒4 kilometroko hedadura du guztira‒ Zestoako udalaren lankidetzarekin eta adostasunarekin erabaki da, eta behin betiko erantzuna ematen die Arroa Beheko auzotarren eskaerei. Proiektua 2 fasetan banatuko da, jarduketa desberdinekin. Batetik, Iraeta eta Arroa Behea arteko faseak 2 tunel ditu oso egoera txarrean, eta horien gainean jardun behar da, beraz. Lehenengo tunelak, Iraetako tunela izenez ezagun (80m), eraitsita du ganga eta sarreretako bat buxatuta dago, gainera. Tunel horretan, 2019. urte honetan hasiko dira egokitze-lanak, 240.000€ ingurukoa izango da kostua.

Bigarren tunelak, Arroakoak, buxatuta ditu bi sarrerak barruan izan diren luiziengatik eta zulo bat du gainazalean, 4 metroko sakonerakoa. Lehen tuneleko lanak amaitutakoan, bigarren tunel horretako ahoak irekitzeari ekingo zaio barrualdea ikertu ahal izateko eta behar izango den jarduketa erabakitzeko. Ahoak irekitzeak 60.000€ inguruko kostua izango du. Bide-zati horren ibilbideak Urolako trenaren plataforma zaharrari jarraituko dio Arroa Beheko geltoki zaharreraino.

Hurrengo bide-zatia, Arroa Beheko estazioaren eta Narrondoren artekoa, Arroa Beheko auzotarrek eskatutakoa, Zestoako Udalarekin trazatu berri bati buruz lortutako akordio baten ondoren gauzatu ahal izango da, aukera desberdinak aztertu eta trazatu bideragarriena eta jasangarriena aukeratu ondoren. Hala, salbatu egiten da Arroa Behea auzorainoko kota-diferentzia, eta horretarako % 8ko malda bat eraikiko da sigi-sagan, Narrondon dagoen bidegorriaren trazatuarekin, Zumaiarekin lotzen duenarekin, konektatu ahal izango duena. Jarduketa horrek 530.000€ inguruko kostua izango luke.

Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Marisol Garmendia sozialistak dioenez, “Zestoako Udalarekin lortu dugun akordioak, trenbide zaharraren trazatutik mugikortasun jasangarriko proiektu hau bultzatzeko eta Arroa Behea auzoa konektatzeko, aukera emango du Bide Berde baten bitartez Urola bailara osoa lotzeko eta Zumarragatik Zumaiaraino txirrindularien eta oinezkoen bide batekin konektatzeko. Tunelen egoera dela eta, hain konplikatua den bide-zati hau berritzearen alde Mugikortasuneko Foru Departamentuak egindako apustua funtsezkoa da Gipuzkoako Bide Gorriak eta mugikortasun jasangarria eta osasungarria bultzatzeko Urolako eskualde honetan, eta 36 kilometroko ibiltartea izango du, herritarrek disfrutatu ahal izango dutena. Anbizio handiko proiektua da eta urte batzuk behar izango dira gauzatzeko”.

Proiektu honekin batera, Urola bailaran Azpeitia-Urrestilla adarra ere osatuko da, dagoeneko eraikuntza-prozesuan dena Azpeitiko Udalarekin egindako hitzarmenari esker.



comments powered by Disqus