Atzealdea

LASARTE-ORIA-TXIKIERDI BIDEGORRIAREN BIGARREN FASEA INAUGURATU DA

·Bigarren fase honek Urbil merkataritza-gunetik Michelin ingurura doan 979 metroko zatia hartzen du, eta 386.785,27 euroko inbertsioa ekarri du.

 

·Rafaela Romero: «Funtsezkoa da udalekin elkarlanean aritzea, herritarrei konexio eta zerbitzu onenak eskaintzeko. Gure esku dugu gizarte-desberdintasunak ezabatzeko eta Gipuzkoa osatzen duten hiri eta herrien jasangarritasuna lortzeko tresnarik onena»

 

 

 

 

Donostia, 2021eko azaroaren 26a.- Rafaela Romero Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak gaur goizean inauguratu du Lasarte-Oria eta Usurbil, Txikierdi inguruan, lotzen dituen bizikleta eta oinezkoentzako bidearen bigarren zatia, eta ekitaldi horretan izan dira Agustín Valdivia Lasarte-Oriako alkatea,  Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo alkatea eta  Ander Iturri Mugikortasuneko zuzendaria.

 

Kilometro bat inguruko luzera duen -979 metro- eta 386.785,27 euroko inbertsioa izan duen tarte hori Urbil merkataritza-gunetik Michelin ingururaino doa, eta bi herrietako bizilagunen eskaera historikoari erantzuten dio, konexio segurua eskatzen baitzuten bi hiriguneen artean oinez edo bizikletaz mugitzeko.

 

Inaugurazio ekitaldian, Rafaela Romero diputatua pozik agertu da obra hau amaitu delako; izan ere, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak egindako apustua islatzen du, zehazki, «gure bidegorrien eta Lurraldebuseko garraio zerbitzuen bidez Gipuzkoan mugikortasun jasangarria sustatzearen alde. Eta lanean jarraituko dugu herritarren eskaerei erantzuteko eta gizarte modernoak dakartzan erronkei aurre egiteko behar dugun eredua sustatzeko».

 

Halaber, Romerok gogorarazi duenez, Lasarte-Oria – Txikierdi 2 bidegorria bezalako proiektuek Aldundiaren eta udalen arteko lankidetzazko gobernantzaren balio «erreala eta beharrezkoa» erakusten dute. «Funtsezkoa da udalekin elkarlanean aritzea, herritarrei konexio eta zerbitzu onenak eskaintzeko. Gure esku dugu gizarte-desberdintasunak ezabatzeko eta Gipuzkoa osatzen duten hiri eta herrien jasangarritasuna lortzeko tresnarik onena».

 

Agustin Valdivia Lasarte-Oriako alkateak mugikortasun iraunkorra sustatzearen garrantzia azpimarratu du, batez ere inguruko udalerrien artean. Foru eta Udal bidegorrien sarea osatzeko, bizikleta garraiobide bideragarri eta seguru bihurtzeko, funtsezkoa da inbertitzen jarraitzea. Valdiviak adierazi duenez, 2022an Michelinetik Oriara Zumaburu parean iritsi behar duen bidegorria lotuko dugu.

 

Bestalde, Agurtzane Solabarrieta, Usurbilgo alkatea, pozik agertu da Donostia, Lasarte-Oria eta Txikierdi konexioa gauzatu delako, "erakundeek mugikortasun aktibo eta iraunkorrarekin duten konpromisoaren isla baita. Orain Usurbilgo herrigunerainoko loturari buruzko adostasuna falta da, funtsezkoa baita".

 

Lasarte-Oria – Txikierdi bidegorriaren bigarren fasea martxan jartzeak jarraipena ematen die Lasarte-Oria eta Usurbilgo udalerriak Donostiarekin lotzeko obrei, 250 metroko Lasarte-Oria – Txikierdi 1 zatiarekin hasi baitziren, eta lehen fase hori 2016an inauguratu baitzen.



comments powered by Disqus