Atzealdea

Mugikortasun Departamentuak eta Arrasatek Kataideko tartea hobetzea adostu dute

Mugikortasun Departamentuak eta Arrasatek Kataideko tartea hobetzea adostu dute, Debagoieneko foru-bidegorriaren Arrasaterekiko lotura amaitzeko

 

Txirrindulari eta oinezkoentzako tarte honek 690 metroko distantzia du, San Prudentzio eta Kataide Industrialdea lotzen ditu, eta handitzeko, hobetzeko eta egokitzeko lanek 227.199,19 euroko kostua izango dute.

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Rafaela Romero sozialistak –arrasatearra jaiotzez, bertako zinegotzia hainbat urtetan, eta Debagoieneko batzarkidea– Kataideko bidegorria handitu, hobetu eta egokitzeko proiektuaren egikaritzea adostu du Arrasateko alkate María Ubarretxenarekin. Proiektua, nolanahi ere, 2020. urtearen hasieran hasiko da egikaritzen. Tarteak 690 metro ditu San Prudentziotik Kataide Industrialdera, eta funtsezkoa da Deba Ibarreko foru-ibilbidearen barruan. Proiektuak 227.199,19 euroko aurrekontua izango du, eta Arrasateko Udalaren berariazko eskaera bati erantzuten dio.

Proiektua onartu ondoren, Romero diputatuak honako hau adierazi du: “azken urteetan, oso urrats handia egin da txirrindulari eta oinezkoentzako Gipuzkoako konexioetan, eta Debagoienan txirrindulari eta oinezkoentzako sare garrantzitsu bat dago, herritar guztiek erabil dezaketena. Dena dela, sare hori handitzen eta hobetzen jarraitu nahi dugu, eskualdeko herritar guztiek mugikortasun jasangarri eta osasungarri bat (joan-etorriak bizikletaz edo oinez egitea) modu eroso eta seguruan baliatzeko aukera izan dezaten. Konponketa-lan horiek egikaritzean, eskualdeko herri guztiak lotuko dituen foru-bidegorriaren ibilbide osatu bat izango du Debagoienak.

Oso-osorik Arrasateko udalerrian dagoen eta San Prudentzioko eremua eta Kataide Industrialdea lotzen dituen txirrindulari eta oinezkoentzako foru-bidearen 690 metroko tartea hobetu, egokitu eta handitzeko obrei esker, txirrindulariak eta oinezkoak eroso ibiliko dira Eroski merkataritzaguneko eremurako sarbideraino, Kataide/Musakola auzoetan.

Kataideren eta Arrasateko ekialdeko tokiko bidegorriaren tartearen artean, espaloiak baino ez daude (haietako asko egoera txarrean), eta ez dago berezko bidegorri tarterik. Hori dela eta, interes handia du Foru Aldundiko Mugikortasun Zuzendaritzarentzat bi tarteak lotzeak eta, era horretan, bidegorria amaitzeak. Lotura hori amaitzeaz gain, zorua egokitu eta handitu, espaloiak eta zintarriak konpondu eta tarteko seinaleztapena eta argiztapena hobetuko dira.

Tarte horretako lanak 2020. urtearen hasieran hasiko dira, eta funtsezkoak izango dira bizikletaren, oinezkoen bideen eta bidegorrien erabilera sustatzeko. Era horretan, Foru Sarea garatuko da legegintzaldi honetan, Eibar eta Maltzaga lotzen dituen eta Eibarren eta Elgoibarren arteko txirrindulari eta oinezkoentzako konexioa osatuko duen proiektuarekin batera.



comments powered by Disqus