Atzealdea

Mugikortasunaren Europako Astearen 2019ko laburpena

Hasiera euritsua izan ondoren, eguraldi ederra izan genuen Ederbidea mugaz gaindiko bizikleta jaian. Ospakizunean jende ugari bildu zen. Bertan zenbait familia azaldu ziren antolatutako tailer eta ekintzez gozatzera. Beste batzuk bizikleta bat nola elektrifikatzen den ikastera hurbildu ziren edota zikloturisten ibilbideei buruzko mapak jasotzera.

Ederbidea bizikleta jaiaren erdigunea Irungo Behobiako San Martzial Guduaren 2. Mendeurreneko plazan kokatu zen, antzinako aduana ondoan. Eguerdian ireki zen, eta jarduera egitarau zabala eskaini zen. Bertan, bai familiakoek, bai kirolariek ere, hainbat animazioez eta musikaz gozatzeko aukera izan zuten: bizikleten elektrifikazioari buruzko tailerrak, gurpilen gaineko mekanika, zirkoa, eta txikientzako taloak egiten ikasteko jarduera eta bizikleta eskola.

Jendetzaren zati handi bat Bidasoaren inguruan egindako bi ibilbideetatik bertaratu zen, bata Beratik, eta bestea Irungo erdialdetik bizikleta jaiaren erdiguneraino.

Horrez gain, bestelako jarduerak egin  ziren: bizikletaz egindako bisita gidatuak, argazki lehiaketa, mugikortasun iraunkorraren inguruko sentsibilizazio ekintzak eta bizikleten doako mailegua, besteak beste.

Ikus argazki erreportajea.

 

Ederbidea bizikleta jaiaren argazki lehiaketa Facebook-en

Bizikleta jaiaren egunean bertan argazki lehiaketa bat egin zen, Ederbidearen Facebook orrian.

Epaimahaiak finalistak aukeratu zituen eta horien artean zozketa bat egin zen hiru irabazleak izendatzeko. Sariak honako hauek izan ziren: bizikleta elektriko bat, bi lagunentzako egonaldia Velodysse-an, eta deskontuak Vélibleu zerbitzuan.



comments powered by Disqus