Atzealdea

ZUMAIA ETA NARRONDO ARTEKO BIDEGORRIA ZABALIK

764 metroko luzera du, hiru tartetan banatuta. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zumaiako Udalak bidegorria herriko mugikortasunari begira oso garrantzitsua dela azpimarratu dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Zumaia eta Narrondo arteko bidegorria ireki du. Gipuzkoako Sare Nagusiaren 2. ibilbidean (Donostia-Mutriku), Zumaiako saihesbideko hasierako biribilgunetik (Txiki-erdi biribilgunea) Narrondo auzoraino oinezkoentzako eta bizikletentzako bidea da.

Hauexek dira bidegorriaren ezaugarri nagusiak:

  • 764 metroko luzera du, hiru tartetan banatuta: biribilgunetik hasita 489 metro, ondoren 160 metro baserri bide bat aprobetxatuz, eta azkenik 115 metro bidegorri Narrondoraino.
  • Zabalerari dagokionez, 4 metro zabal da, eta beste 0,5 metro ditu argiteria, seinaleak eta abar jartzeko.
  • Bidegorri honek N-634 errepidearen azpiko bi pasabide ditu: bata, Txiki Erdi biribilgunean, 29,8 metrokoa (4 metro zabal eta 2.65 metroko altuera) eta bestea, Narrondo Auzoan, 12 metro luze (4 metro zabal eta 2.65 metroko altuera).
  • Aldapei dagokionez, bidegorriak % 3-%1eko maldak ditu, azpiko pasabideetan izan ezik. Pasabide hauetan % 8rainoko malda ere badago, 45 metroko gehieneko luzeran.
  • Argiteriari dagokionez, LED motako argiak jarri dira, eta azpiko pasabideetan argiteria areagotu egin da, intentsitate handiagoko argiteria jarrita.
  • Babes neurriei dagokionez, bide berrira ibilgailuak erortzeko arriskua egon daitekeen lekuetan hormigoizko hesia jarri da. Bestelako babesak ere jarri dira txirrindulariek eta oinezkoek erorikoa izateko arriskua duten lekuetan.

Zumaiako Udalak herri gunetik Txiki-erdi biribilgunera bidegorria egina zeukanez, bide ziklista berriarekin bat egin du. Aldi berean, aipatzekoa da Zumaia-Narrondo bidegorri tarte honek Arroaraino izango duela jarraipena, ondorengo fase batean.


Narrondo auzoko lanen ondorioz, bidegorria ez ezik, antolamendu berria ere egin da: N-634 ondoan autobus geltoki berria egin da espaloian, plaza eta haur jolasen gunea, eta inguru horretara sartzeko zirkulazioa erregulatzen duen arrapala.

Bidegorria Altuna y Uria enpresak egin du eta, lanen likidazioa ixteko dagoen arren, 1.020.000 € inguruko kostua izango dute, aurreikusitakoa baino %5 gehiago. Lanak egiteko epea 6 hilabetekoa zen, baina azkenean 8 hilabete behar izan dira aurreikusi gabeko drainatze lan batzuengatik.


Irekiera ekitaldia
Larraitz Ugarte Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatuak eta Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkateak parte hartu dute, besteak beste. Larraitz Ugartek azpimarratu du Foru Aldundiak bizikleta garraiobide bezala sustatzeko egindako apustu garbia eta Zumaia-Narrondo bidegorria horren adierazletzat jarri du. "Orain arte Narrondotik Zumaiara bizikletaz joateko erabiltzaileek ez zuten batere segurtasunik, ibilgailu artean egin behar baitzituzten joan-etorriak, baina aurrerantzean segurtasun osoz egin ahal izango dituzte lantokira, eskolara, erosketetara eta abar egin beharreko joan-etorriak", adierazi du Ugartek. Horrez gain, azpimarratu du bidegorri sarea osatzeko bidean martxa onean doala Foru Aldundia eta aurrerantzean ere horrela jarraituko duela. Bere aldetik, Iñaki Agirrezabalaga herriarentzat bidegorri hau oso garrantzitsua dela azaldu du, eta Narrondo auzoan bidegorriarekin eta egindako beste lanekin lortu den aldaketa azpimarratu du.


Ekitaldi hasieran Narrondoko Mattin Etxanizek gaztetxoak bidegorriari buruzko bi bertso kantatu ditu, izan ere, bi bertso horiekin irabazi zuen XXXI. San Telmo Literatur Lehiaketa.

Iturria: Mugikortasuna eta Bide Azpiegiturak


• Mattin Etxanizen bertsoak



comments powered by Disqus