2015eko  martxoan, Gipuzkoako Bizikletaren Kontseiluak “Bizikletaren Estrategia 2014-2022” behin betiko onartu zuen. Bere helburu nagusia Gipuzkoan bizikletaren erabilera areagotzea da, ibilgailu motordunen aurrean benetako alternatiba ehunduz. Helburu horri jarraiki, politikak, jarduera-ildoak eta programak zehazten ditu Estrategiak. Berau gauzatzeko behar diren baliabideak eta beste administrazio eta eragile batzuekin koordinatzeko sistemak, eta ebaluatzeko mekanismoak, definitzen ditu baita ere.

Bizikletaren Estrategia bizikletaren foru-politikan aurreikusitako ataletako bat da, Gipuzkoak dituen bi dokumentu juridiko-administratibo nagusietan xedatzen den moduan: Bizikleta Bideen Foru Arauan eta Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Planean (GBBLAP).

Estrategiak, bizikleta-mugikortasunaren foru politikarako ibilbide-orria definitzen du bizikletaren erabilera susta dezaketen hainbat arlo bere baitan hartuz: garraioak, bide-segurtasuna, hirigintza, lurralde-antolaketa, ingurumena, energia, hiritarren parte-hartzea, ekonomia, fiskalitatea, industria, hezkuntza, ikerketa, osasuna, kirola, aisia eta turismoa, haurtzaroa eta gaztaroa, mugaz gaindiko lankidetza…

Izan ere, helburu nagusia lortze bidean, erabakigarriak dira hirigintza-ereduan, esparru ekonomikoan eta fiskalean, garraio-azpiegituren politika orokorrean eta hiri mugikortasunean esku hartzea. Horregatik, Estrategiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen dituen politika publikoen barruan txertatu nahi du, eta udal administrazioen politiketan eragitea ere.
 

Ekintza-ildoak modu sistematizatuan

Bizikletaren Estrategiaren bidez, bizikletaren aldeko politika eta gai honen inguruan Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta, bereziki, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketarako Departamentuak bultzatu beharko lituzkeen ekintza-ildo nagusiak modu sistematizatuan antolatu nahi dira. Azkeneko helburua Bizikleta Sistema Integral bat eratzea izango litzateke, bizikleta-erabiltzaile kopurua handitzera bideratutakoa hain iraunkorrak ez diren moduetan egiten diren joan-etorriak ordeztuz.


Halaber, herritarren artean balioak eta ohiturak aldatzeko prozesu bat bultzatu nahi da, gizartetik eta erakundeetatik, bizikleta-mugikortasunaren alde.


Azkenik, Gipuzkoa bizikletaren erabileraren normalizazioan Europako parametroetan kokatzea da beste helburuetako bat, mugikortasun iraunkorragoaren alde lan egiten duten lurraldeen taldean sartuz.

Gipuzkoako Bizikletaren Estrategiak ezartzen duen ibilbide-orria ondorengo ardatz estrategikoen bidez garatzea aurreikusi da:


1. Udal-azpiegitura eta zerbitzu-sareak osatu eta hobetzea
2. Foru-azpiegitura eta zerbitzu-sareak osatu eta hobetzea
3. Bizikletak galtzadetan txertatzea: trafikoa baretzea
4. Bizikleta eta motordun ibilgailu kolektiboen intermodalitatea hobetzea
5. Bizikleta aukera turistiko eta naturarako sarbide bihurtzea
6. Bizikleta eguneroko jarduera fisikoan eta osasunean txertatzea
7. Bizikleta-zirkulazioa ikastetxeetako sarbideetan eta prestakuntzan txertatzea
8. Bizikleta lantokien sarbideetan sustatzea
9. Bizikleta eta mugikortasunaren pertzepzio soziala aldatzea
10. Bizikleta babesteko plangintza- eta arau-esparru bat sortzea
11. Bizikleta-politika kudeatzeko tresnak berrindartzea edo sortzea

Ardatz horietako bakoitza esku-hartzeko programa espezifikoen bidez garatuko da, eta programa horiek neurri zehatzen bidez. Gipuzkoako Bizikletaren Estrategia zortzi urteko behin behineko epean garatuko da. Lehen laurtekoa pasa ondoren berrikusten hasi da, behar bezala eguneratu eta birprogramatzeko.


Gipuzkoako Bizikleta-Sistema Integrala

Gipuzkoan bizikletaren aldeko politika Bizikletaren Estrategiaren bidez esplizitatuko eta sistematizatuko da, gipuzkoarren bizimoduan bizikletaren normalizazioa eta zabalkundearen bidea jarraituko duten programak kudeatu eta burutzeko gaitasuna dauka-eta.

Horrela, Gipuzkoako Bizikleta Sistema Integrala egituratzen lagundu nahi da, hau da Gipuzkoan bizikletak erabiltzeko baldintzak osatzen duten zerbitzu-, azpiegitura- eta erregulazio-multzoan laburbil daitekeena.

Bizikletarentzat azpiegitura-politika bat ezartzea ez da nahikoa, eta neurrien ingurune zabalagoa eta aldekoagoa behar da. Hori egiaztatzearen ondorioz sortu zen aipatutako kontzeptua: “Definitzen duen azpiegitura-sarea ez da berez helburua, baizik eta beste xede handiago bat lortzeko pentsatuta dago, eta, datozen urteotan, dimentsio osoa hartzen joan beharko da: bizikleta-sistema integral baten artikulazioa, bizikleten eta bizikleta-bideen erabilera Gipuzkoako hiri/hiriarteko garraio aktiborako sozializatzeko. Hori ezingo litzateke lortu hazten ari den ekintza-programa bat osatzen duten eta elkar erlazionaturik dauden beste tresna askorik gabe”.

GIPUZKOAKO BIZIKLETAREN ESTRATEGIA. Behin betiko dokumentua

GIPUZKOAKO BIZIKLETAREN ESTRATEGIAREN KUDEAKETA-PLANA 2015

GIPUZKOAKO BIZIKLETAREN ESTRATEGIA. 2015eko kudeaketa planaren ebaluazioa

GIPUZKOAKO BIZIKLETAREN ESTRATEGIA. 2020ko kudeaketa planaren ebaluazioa

GIPUZKOAKO BIZIKLETAREN ESTRATEGIA. 2016ko kudeaketa planaren ebaluazioa

GIPUZKOAKO BIZIKLETAREN ESTRATEGIA. 2017ko kudeaketa planaren ebaluazioa

GIPUZKOAKO BIZIKLETAREN ESTRATEGIA. 2018ko kudeaketa planaren ebaluazioa

GIPUZKOAKO BIZIKLETAREN ESTRATEGIAREN LAU URTEKO EBALUAZIO TXOSTENA (2015 – 2018)

GIPUZKOAKO BIZIKLETAREN ESTRATEGIA. 2019ko kudeaketa planaren ebaluazioa

GIPUZKOAKO BIZIKLETAREN ESTRATEGIA. 2020ko kudeaketa planaren ebaluazioa